Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren lehen tailerra hasi da jada

Apirilaren 23an eman zion hasiera Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak lehenbiziko tailerrari: "Emakumeon sormen akelarrea"; bigarren saioa gaur arratsaldean egingo da.

Soraluzeko ahalduntze-eskola topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat da, emakumeen* ahalduntzea eta partaidetza soziopolitikoa bultzatzeko helburua duena. Erreferentzia-gunea izan nahi du, non bizipenak, ezagutzak eta jakintzak partekatzen diren, Soraluzeko emakumeen artean sareak eraikitzen diren, eta beharrezko tresnak eskaintzen diren, hainbat ikastaro eta tailerren bidez, gure errealitate zehatza ikuspegi feministatik aztertzen eta zalantzan jartzen joateko, beharrezko aldaketak eraginez, jendarte bidezkoagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa lortzeko.

Emakumeon sormen akelarrea hasi da

Lehengo astean, apirilaren 23an, estreinatu zen Emakumeon sormen akelarrea, hiru saioz osatutako tailer berezia eta gaur, apirilak 30, egingo da bigarren saioa. Ahalduntze eskolaren baloreekin ezinhobeto bat egin du sormen akelarreak; izan ere, 26 eta 89 urte bitarteko 25 emakumek parte hartu zuen, gehientsuenak soraluzetarrak, nahiz inguruko herrietatik ere etorri zen bakarren bat.  Jatorria dena delakoa izanda ere, orain Soraluzetar diren emakumeen topaleku izaten ari da sormen akelarre hau. Lehendabiziko saioan irudia, hitza eta mugimendua landu zituzten tailerreko parte-hartzaileek.

Tailerraren helburua emakumeok sormenaren bidez indartzea, gozatzea eta elkartzea dira. Bide honetan autoestimua landuz, konfiantzazko espazio bat sortuz, elkarrekin ikasiz eta ongizatea bilatuz arituko dira. Topaketa honek nork bere burua hobeto ezagutzeko aukera emango die parte-hartzaileei, norbere gaitasunak baloratzen lagunduko die eta inguruko emakumeekin harreman osasuntsuak sortzen. Margo, buztin, dantza eta dinamika ezberdinak erabiliko dituzte horretarako. Gure eskuen indarra, estrategiak eta mugimenduak taldean konpartituko dituzte; errespetuz eta taldekide guztiak zainduz. Ez da beharrezkoa aditua izatea, esperimentatu eta elkarrekin gozatzeko gogoa baino ez da behar tailer honetarako. 

Lierni eta Onditz Mendizabal ahizpek dihardute tailerra bideratzen, goxotasunez eta profesionaltasunez, zaintza erdigunean jarrita emakumeon topaleku eta ahalduntze gunea eraikitzen.

Berdintasun Batzordetik adierazi dutenez, zoragarria izaten ari da emakumeen ahalduntzeari estuki lotzen den tailer hau goraino beteta ikustea; eta emakumeen arteko harreman sareak indartzeko eta elkarrekin gozatzeko gune ere bilakatzen ari da.