Patria Soraluzen?

Baliteke. Soraluzeko taberna bat – zein izango da? – Joxe Mari taberna izango litzateke. Abadetxea, Bittoriren (Elena Iruretaren) etxea. Eta han ibiliko lirateke zenbait hilabetez, Pablo Trapero eta Félix Viscarret zuzendariak, Elena Irureta, Ane Gabarain eta beste aktore guztiak, Soraluzeko kaleetan barrena. Extrak kontratatuko lituzkete? Soraluzetarrak ote? Horrek guztiak eragina izango luke herrian. Patria telesaila estatu mailako telebista baten emateak, Soraluze mapan kokatuko luke eta agian bisitariak erakarriko lituzke gurera. Hori onuragarri ala kaltegarri izango litzatekeen… Gaian sakonduz gero, pentsa une batez Patria Soraluzen oinarrituta dagoela. Bittori Soraluzeko alargun bat dela, bere senarra ETAk erahil duela eta Miren Soraluzeko ETAko kide baten ama dela. Bere semea espetxean dago, Puerto de Santamarían. Txikitan lagunak ziren. Orain, berriz… Gai benetan polemikoa. Aramburu, Patria nobelaren idazlea, batzuren ustez objektiboa da. Beste batzuk diotenez, ordea, ez da erdigunean kokatzen, argi ta garbi alderdi baten alde jokatzen du. Guztiok ezagutzen ditugu hainbat Bittori eta hainbat Miren. Baina egin dugu ahalegina beraien egoera eta ikuspuntua ulertzeko? Patria telesaila Soraluzen grabatuko balute, hausnarketa eragingo luke. Ala? Laister jakingo dugu, azkenean, Soraluze aukeratu duten ala ez. Momentuz, Soraluzetar batek baino gehiagok irakurri du liburua, bertan agertzen den herria Soraluze dela irudikatuz.