"BPTDk batasun irudiaz gain, ematen digu lehiatzeko gaitasuna"

Egoitz Unamuno 2024ko mai. 3a, 10:00

Iñigo Perez-Arregui Eibarko EPC enpresan. Argazkia: F. Oregi.

BPTD, Basque Precision Technology District, 2019an eratu zuten eragile publiko eta pribatuek eta gaur egun Debabarreneko eta inguruetako prezisioko teknologia arloko 41 enpresa batzen ditu bere baitan (bi dira Soraluzekoak). Iaztik, Iñigo Perez-Arregi De Codes (Donostia, 1968) da elkartearen presidentea. Donostiarra den arren, ondo ezagutzen du bailarako industria, bere lan-ibilbide osoan zehar bailarako enpresetan lan egin du eta. Duela hogeita bost urtetik Eibarren dihardu, EPC enpresan. Bertan erantzun ditu DKTren galderak, elkarteak ekainaren 14an Ermuko Izarra Centren egingo duen urteko batzar nagusiaren aurretik.  

BPTDk sei urte beteko ditu aurten. Zein balorazio egiten duzu urteotako ibilbideaz? 

Elkarteak ibilbide laburra du oraindik, baina dagoeneko, bailararentzako balio handia duten enpresak batzen ditu bere baitan. Datu batzuk ematearren, momentu honetan, elkartean dauden enpresek 596 milioi euroko negozio bolumena mugitzen dute, 44 milioi gastua dute I+G arloan eta 4103 pertsonari ematen diote lana. Ekintzen artean, berriz, nabarmenduko nituzke marketing digitalean trebatzeko programa, estatuko bi azokatan dugun presentzia, Goierri Valleyrekin dugun aliantza estrategikoa nazioarteko azoka eta misioetarako eta enpresa sortu berriei eskaintzen dihardugun mentoretza.  

Zergatik da garrantzitsua eskualde mailako elkarte edo marka izatea? 

Gure enpresen tipologiagatik. Txikiak gehiago dira ertainak baino. Gertutasuna. Elkarteak aukera ematen du bailaran proiektuak bateratzeko, elkar ezagutzeko, lankidetzan jarduteko, elkarrekin irtenbideak aurkitzeko. Horrek guztiak indar eta batasun irudia emateaz gain, ematen digu gaitasuna merkatuan lehiatzeko.  

Nolakoa ari da izaten sektorearen bilakaera azken urteotan? 

Nolabaiteko kezkaz bizi dut hori, ikusita gure enpresak gehiago daudela zuzenduta eraldaketara produktu berriak sortzera baino; horrek arrisku handiagoa dakar. Testuinguru globalaren eta gure sektore teknologikoan bilakaera oso oso azkarra da. Ez dago su-etenik. Alde horretatik, BPTDk zeregin garrantzitsua du dibulgazio lanean eta tamainagatik erronkei aurre egiteko zailtasun gehiago dituzten enpresei laguntzen. Aurtengo urteari dagokionez, bigarren seihilekoa hobea izango delakoan gaude. Dena den, aurreikustea oso zaila da. Agerikoa da egoera soziopolitikoarekiko dependentzia eta gaur gaurkoz, egonkortasunik ez da existitzen.    

Zein dira Debabarreneko enpresen indarguneak?

Esperientzia eta orainaldi honetara arte ekarri gaituen historia. Gainditu ditugu krisiak, biziraun dugu, badugu jakintza eta badakigu egiten. 

Eta ahulguneak?

Gure industria sarearen egitura eta osaketa: gehienak pymeak dira, eta batez ere txikiak, geroz eta gehiago eraldatzaileak eta produktu gutxiago dutenak. Gainera, merkatu berrietarako sarbidea, nazioartekotzea, eskakizun administratiboak, burokrazia orokorra… Horiei guztiei erantzuteko baliabide asko behar dira pertsonalak zein ekonomikoak, eta orohar enpresa txikiek ez dituzte. Agertoki horretan, elkarteari erraztaile izatea dagokio, produktu eta prozesu berriak garatzeko, berrikuntzan aurrera egiteko, nazioartekotzean, etab. 

2024ari begira, zein dira BPTDren helburu nagusiak?

Maila estrategikoan, hiru azpimarratuko nituzke: Elkartea osagai estrategikoa izatea bailarako garapen industrialean, Elkartearen tamaina handitzea indar gehiago izateko eta gure Juntak izaera aktibo eta proposatzailea izatea. Maila operatiboan, jarraitzen dugu aktibitate ekonomikoa sortzera bideratutako proiektuak garatzen, beste entitate batzuekiko eta administrazioarekiko aliantzak sendotzen, enpresen beharrei erantzuteko programak abiatzen… Horiek guztiak xehetasun gehiagorekin azalduko ditugu ekaineko batzarrean.